ZORIONAK EDO
Nire alkandora Vietnamen josi zuten, hura bai bidaia! alkandorarena, jakina.
Gerrako biktimak, antza, ez dira hildakoak beraiek ezta hildakoen senitartekoak ere, biktimak badira espaloiaz bestaldeko pankartadun horiek , garrasika ari diren horiek: biktimak edo.
Atzokoan, Atxagari entzun nion nire "sping" klasean nengoela, bozgailuetatik musika arina eta dibertigarriaren ordez, Irazuren ahots hotza irten zen: euskara entzun ahal izateko,- izerdiz, izerditan-, kirola egin behar da, dudarik ez.
Jantzita ditudan zapatak made in Txina-koak dira eta galtzontziloak batek badaki!
Bake prozesua…si vis pacem para bellum, edo zelan jan zopa sardexka batez.
Azken belaunaldiko eskuko telefonoa opari didate, erretratuak ere atera ditzaket, baina gure aitarekin ,-uste izan banuen ere-, oraindik ere ezin izan dut hitz egin.
Gaur egun ere, gure kaleetatik aurpegia estalita daramaten emakumeak anonimatuan ibiltzen dira, eta horri kultura deitzea ere!
Zorionak eta urte berri on, ba!, Vietnamgo eta Txinako langileei janzten naute eta.(Ezin ahaztu galtzontziloak egin zituen aberririk gabeko langilea)
Zorionak eta urte berri on Atxagarentzat kirola bultzatzen duelako.
Zorionak eta urte berri on biktimismoa baztertu nahi duten gerra guztietako biktimentzat
Zorionak eta urte berri on telefonoa oparitu zidan enpresari ahaleginak egin dituelako gure familia batzen, bederen.
Zorionak eta urte berri on bakeari benetako aukera ematen ari diren gizon eta emakumeei, koilarak mahai gainean jar ditzaten, behingoz.
Zorionak eta urte berri on aurpegirik ez duten emakume guzti horientzat, zorionez, euren gizonezkoei eta kulturari esker lurreko infernu honetatik salbaturik omen daudelako , zoritxarrez, zoritxarra gainerako guztia da, hots, ...
Ah! eta lau eta erdikotik
bi eta erdikora igaro behar izan zuen
pilotari eskas honek
zorionak edo,
urte berri on edo,
gabonetan edota gabonetatik at
zoriontsua izan zaiteztela
opa nahi dizue,
sakez eta bihotzez.
koldolekunberri
