viernes, 15 de junio de 2007

BURUTAZIO BI.



Bilbon hainbat eskultura jarri dituzte: zenbakiak. Hau da, burdinazko zenbaki erraldoiak harri baten gainean. Atzo, kontserbatoriotik etxera gindoazela gure alaba txikiak, Uxue, hamaika buruko min eman zizkioten eskulturari buruzkoa itaundu zidan : aita, hori, bat ikaragarri bati seinalatuz, eskultura ote da? Zenbaki bat eskultura bat izan daiteke? Jakina, berak, artearen azalpen berezia espero zuen, edo agian, nik botatzen dudan txorrada horietako baten zain zegoen. Ez nion fitsik ere ihardetsi. Arrazoiak, arrazoiak eta argudioak bazeuden eskultura hauei, eskultura izena emateko edo, eta bide batez, abagunea profitatuz, eskulturaren edo artearen eskola magistrala edukitzeko bertan, baina ez nion tutik ere esan, baina.

Une hartan, Laura Mintegik hitzaldi batean esanikoa etorri zitzaidan burura: literatura norberaren baitan datza, gizakion erraiekin errotuta egon behar du eleberriak edo poema batek, azken finean, bizitzarekin sustraiturik. Argi zegoen eta badago, Bilboko zenbaki horiek ez dutela zer ikusirik Uxueren bihotzarekin, Uxueren senarekin, Uxueren inguru afektiborekin. Literatura gure arnasa da, gurekin, gugan, gugandik isurtzen den lurrin urdina. Poesia, gure baitan dagoen gaitza sendaezina da, gaixotasun kronikoa. Odol jariotik ero dabilena. Uxuek ez zuen ezer ere so egiten eskultura haietan. Bere barneko egunerokotasunetik oso urrun zeuden eta daudelako. Uxueri eskultura horiek ez zioten bere jolas dibertigarrien birusa kutsatzen , bere benetako baitaraino sekulan ere iritsiko ez direlako.

Aurten, hil honetan amaitzen den ikasturte hau, niretzat, dudarik ez, literaturan urterik onenetarikoa izan da. Ikasturteon gozatu egin dut, disfrutatu, liluratu. Blogak, neurri batean, idaztera bultzatu eta animatu nau. Blogak jendeak ni ezagutarazteko aukera eskaini dit eta dizue. Izan ere, blogaren bigarren orria izan da gehien zoratu nauena. Pantailaz bestaldean jendeak idatzi egin dit, ikaragarria ! Beno, ez pentsa ehun izan direnik baina izan direnak izan, berrogeita hamar mila ilusio uso-izar eman dizkidate, eman dizkidazue.

Horretaz gain, aurtengo antzerki obrak , -M-, hagitz ilusionatu nau, eta ez dakit benetan zergatik. Hasiera ez zen oso ona izan, plana ere ez zen bete; hala ere, beste poztasun batzuk eskaini dizkit, poztasunak baino zerbait gehiago. Ezin dut ahantzi, emanaldi bat bukatutakoan, batek negar egin zuela esan zidanean. Edo neskek, -aktoreek-, jartzen duten ilusioa. Edo antzerkia bi. Edo antzerkia hiru. Edo antzerkia lau. Aurten, literaturaren hurbiltasuna bost handi bat izan da, eta batez ere, jendearen niganako gertutasuna. Sei. Zortzi.

Uxuerentzat zenbakiak ez ziren eskulturak, bereak ez zirelako. Nik eta zuk izkiriatzen ditugun poemak , berriz, gure zenbakiak dira. Benetako poesiak dira gurean, gugan, gureak direlako. Norberaren bizitza, norberaren sentimenduak, norberaren literatura, norberaren zenbakia. Infinitua.

Idatzi. Hamar.

0 Comentarios:

Publicar un comentario

Suscribirse a Comentarios de la entrada [Atom]

<< Página Principal