MUNIPAK
MUNIPAK
Edozein gauza esan orduko, nire aurretik askok eta askok gauza bera hamaika aldiz errepikatu bazuten ere,- eta baieztapen berria ez den arren-, poliziak, mota guztietako poliziak gustuko ez ditudala aitortu behar dut. Edozein: txapelgorri, urdin zein berde ez zaizkit gustatzen. Beti pentsatu izan dut pistola eta porra gerrian duenak –oso, oso pertsona zuzena izanda ere- katuari eragitea oso erraz duela edozertarako, porra ahaztu gabe. Gu defendatu baino lehen, ez sortu defentsa behar diren egoerak.
Gizarte honetan, non zauden eta zer egin duzun edo non kokatu zaituen gizarteak berak, polizia talde bati badiozu nolabaiteko fobia, gorrotoa edo gutxiespena. Dena dela, aldi berean , gizaki guztiek ez dute derrigortuta gorroto-gura hau, badaude,- egon badaude jakina,- polizia maite edo estimu berezia dutenak.
Ildo honetatik iraindua edo afektatutako talde bakoitzak baditu bere izen propioak maite ez duen polizia motari deitzeko edo berba egiteko orduan mespretxatzeko. Horra hor: ezker abertzaletik zipaio hitza arrunt bilakatu da; pikoletoak edo maderoak ere, gure historian zehar hainbat aldiz aipatuak izan dira. Interesgarria litzateke beste hizkuntzetan, gaztelanian barne, poliziaren aldagai guzti hauek jakitea, interesgarria bai.
Aitorpen txiki honen barnean esan behar dut, neuk ere badudala bereziki asko maite ez dudan polizia talde bat: Bilboko udaltzaingoa. Maiz, gorroto-zurrunbilo honetan sartarazten zaituztenean kontrakoa dela irizten duzu. Hau da, beraiek dira hain zuzen ere, zeu,- edo neu kasu- maite ez zaituztenak, eta jakina, konpultsiboki gau eta egun zure gibeletik segika doazela amesten duzu. Benetan, era eskizofreniko batez zure atzetik dabiltzala uste duzunean akabo! Uneon, egoera eskizofreniko horretatik oso urrun, -egia esan-, ez nago.
Lehengo egunean udaltzainekin ikaragarrizko liskarra izan nuen, itzela. Isuna ere tartean zegoela aipatu beharrik ez dago. Egia esan, luze litzateke gaurkoan dena kontatzea, gainera, ez nintzateke pertsonarik objektiboena izandakoa izkiriatzeko, hori bai, disgustua, oraindik ere, ez dut larrutik kendu. Isuna eskuan nuela oso modu harroputz batez “que pase un buen día” agurtu, edo hobeto esanda, pikutara bidali ninduen udaltzainari ziur asko ahantzi egin zaiola, bejoindeiola! Niri zoritxarrez ez.
Bilboko udaltzainak, -lehenengo pertsonan hitz egingo dut-, behar izan ditudanetan ez dira azaldu eta egon diren guzti-guztietan isuna jartzeko izan dira beti . Behin udaltzain horietako batek baieztatu zidan Bilbotarren artean oso ondo hartua, kontsiderazio handikoa bazela udaltzaintza. Tamalez, niri egiten dizkidaten inkestak lelokeriei buruz izaten dira, horretan -udaltzaingoari buruzkoa-, niri behintzat ez zidaten itaundu.

0 Comentarios:
Publicar un comentario
Suscribirse a Comentarios de la entrada [Atom]
<< Página Principal