Jose Migel Arnaiz Basterretxeari, bihotzez
Bihar, etzi hilen banintz
ez esan inori ere , mesedez,
zein ordutan ezkutatuko diren
Ekiren azken distirak,
haiekin batera urtzeko asmoa baitut.
Hala,
nere musua zeuen nini galduetan,
betiko, gori-goriko irudia
espetxeratuta izanen duzue.
Bihar, etzi hilko banintz
mesedez, olerkirik ez idatzi,
hitz andana honen bidez
nire hatsa arnas hartuko duzue.
Hala,
zeuen bizitzaren desirek
nire baitan ere korrika eginen dute,
Bihar, etzi, atzo
Portugaleteko zubia
behin betiko igaro ostean,
ez barreiatu berria, arren ,
ez erran non dautzan errautsak.
Hala,
guztiongan izanen dut leku
ttipi bat non atertu.
Josemieli.
