Maitasunaz maitasunez.
Musu pare bat eman zidan. Ez zekien hurrengo egunean ospitalean hilko zela. Niri musuak emateagatik ez dut uste hilko zenik. Bestela, musuak ematen dizkidaten guztiak hurrengo egunean hiltzen badira, akabo. Hark, agian, nik musuak ematean zerbait susmatuko zuen. Oso aurpegi hotza zuela besterik ez nuen nabaritu. Askok eta askok masailak hotz eramaten dituzte aldean eta hurrengo egunean ez dira hiltzen baitezpadako. Ez guztiak, bederen . Baten bat hilko da ziur aski. Hau bai, jakina.
Maitasunaz egin genuen berba. Nirekin maitasunaz mintzatzen direnak hurrengo egunean ez dira hil behar nahitaezko. Agian, baten bati gerta lekioke. Honi esaterako gertatu zitzaion. Baina ez guztiei, derrigorreko.
Ez emadazu musurik, badaezpadako.
Eta mesedez, ez egidazu berba maitasunaz, maitasunez baizik.
Hori bai, laztana, begietara begira iezadazu maitasunez labana sartzen dizudanean.
Hori bai, laztana , ikaragarri laket zait.
Oraindainoko , ez dut ulertzen zergatik hiltzaile deitzen didaten edo ziega honetan sartzen nauten. Literatura egiteagatik izango da, literatura txarra gainera.

0 Comentarios:
Publicar un comentario
Suscribirse a Comentarios de la entrada [Atom]
<< Página Principal