domingo, 6 de abril de 2008

NI NEU. BAKARRIZKETA.



Aldizkarietako argazkidun elkarrizketetan itaunak besterik ez dut leitzen. Gosarian kafesnetan sartzen dudan lehendabiziko ogi zatia beti izan behar da ogiaren alde laua. Ez dut urdinez izkiribatzen. Beti beltzez. Lagunak ditut. Eta lagunak ere badauzkat. Nireek maite naute nik besteko. Ohea ez den toki arrunt batean larrutan ibiltzea gustatuko litzaidake. Ijitoen beldur naiz. Oso. Emea izan nahi izan dut. Eta arren sentimenduen narrastuenek nire baitatik korrika egiten dute aske . Ez erditzeagatik barkamena eskatu behar izan dut . Arropa lisatzen dudan bitartean sei euroko musika entzun ohi dut. Ez dakit zenbat irabazten dudan. Zernahi idazten hasten naizenetan ez dut sekulan ere jakiten zer-nolako amaiera izango den. Honetan ere ez. Horregatik ia beti hiltzen ditut nire pertsonaiak. Akabatuko ote dut neure burua honetan? Bizarra egiteko elektrikoa erabiltzen dut. Ez galdetu mesedez zergatik idazten dudan. Jakin baneki? Pozik joaten naiz lanera. Gure lana. Ez beharra. Masturbazioak ez du inor gor uzten. Hala ere zeinu hizkuntza ikasten ari naiz. Jainkoa da nire obsesiorik ankerrena. Sinestetik ateoa izatera zeharkatzeko muga paperezko zubi madarikatuan nago torturarekin olgetan. Eta gainera gure aita oraindik ez du berpiztu. Gizakion aurka doan lege bakarra guztion kontra doana da. Eta ez Popeak inposatu nahi diguna. Eta kito. Emakumezkoak zein gizonezkoak elkarri musukatzen ari direnean izugarri gustuko dut. Ez dakit zelan ahoskatzen den voyeur. Heldutasunarekin batera errealitatea behatzeko era ere aldatu egiten da: gero eta erradikalago bilakatzen ari naiz. Martxa honetan laster gandorra orraztuko dut. Dutxako ur beroa izugarri atsegin dut. Txikitan itsasontzi erraldoi baten kapitaina izango nintzela amets egiten nuen. Eta handitan aktorea. Inozoa. Beroki ilun luzeak janzten ditut eta morea koloreko. Mendietako amildegitik neure burua botatzea noizbait pasatu zait ganbaratik. Suizidatu. Komunean erregerenean elektrotresna eskaintzen propaganda gorria ikusmiratzen dut. Ziur aski laster batean prostata txarto edukiko dut . Ez nau kezkatzen hatza uzkitik sartu behar izateak ez. Txiza edozein tokitan egitera behartuta egoteak hagitz desitxurarazten nau. Obelix nire heroia da eta Gloria Fuertes poesia zer den irakatsi zidana. Eta Cernudaren olerki zenbait nire ozeanoko uharte galduak. Auzokoek zabor poltsetan zein altxor daramaten itzelezko jakin-mina sortzen dit. Horrela tabernetan aldameneko ezezagunen elkarrizketek biziki aztoratzen naute. Lagunek errieta egiten didate maiz. Ezin dut. Senarra bere emazteari dibortzioa eskatzen ari zitzaiola aditu nuenean nire bitartekari lana eskaini nien. Gezurra da. Ingurukoen bizitzak asmatzea nire afizio isila da. Gezurrak asmatzen benetan arriskutsua naiz. Apaiza naizela sinetsi dute behin baino gehiagotan. Abade kutsua badut egia esan . Gezurrik esaten ez dudan artean gardena naiz. Gardenegi.

Testu txiki honek beren beregi ez du koma bat ere. Komak gorroto ditut bihotzez. Batez ere denak txarto ipintzen ditudalako.

0 comentarios:

Publicar un comentario en la entrada

Suscribirse a Enviar comentarios [Atom]

Enlaces a esta entrada:

Crear un enlace

<< Página principal