HEGALEAN
Goiz hartan, inoiz ez bezala, altxatu bezain laster egutegiari hurbildu nintzaion: Abenduaren azken eguneko orria kentzeaz batera berriaren azpian zegoen gutun-azala ikusteko irrikan baino zerbait banengoen: hagitz urduri. Hirurehun eta berrogeita bost egun igaro nituen honen esperoan.
“Esku tartean duzu aurtengo egutegia. Zoriontsua izan zaitezen zein den jokabidea jakin nahi baduzu, egunez egun moztu behar duzu dagokion eguneko orria. Sekula santan ere, hurrengoa ebaki gabe. Egun batean ez baduzu kentzen edo bi deskuidoan apurtzen badituzu azken eguneko mezuak ez du eraginik. Esan beharrik ez dago, azken eguneko gutun-azala ezin dezakezula zabal Urtarrilaren lehenengo eguna argitu arte” zioen kanpoko plastikoari itsatsitako ohartxoak.
Oporretara atera ezinik, udaberriko asteak luze baino luzeagoak egin zitzaizkidan; gure etxeko balkoi txikian eguzkitan jartzen nintzen udan. Udazkenekoa, aitzitik, egunak laburtuz joan ziren, gainera, orri sortaz bestaldeko azal zuria antzematen hasia bainintzen. Egutegiak goiti-behera janda nindukan.
Baziren hamabost bat urte Argiak argitaratzen duen egutegi-takoa erosten nuela. Horman eskegitako egurrezko oinean iltzatu, astelehenetik ostiralera arte orriak banan-banan “erorarazten” nituen pasabidetik igarotzean lanerako agobioak bultzatuta. Hamalau urte eta gero hau, hamabosgarrenean, egutegi ziztrin baten esklaboa.
Iaz, azkenean, ez nuen egutegia Durangoko Azokan erosi , interneten bidez burutu nuen tramitea . Baziren beste hainbesteko urte erromes Durangoko Azokara joanda, eta egia esan, apur bat aspertuta banengoen. Erabakia, -ez joatearen erabakia- , hain zuzen ere, irrigarri iruditu arren, Mekara joaten diren mila-milioika musulmanen tropelen albistea ikusten ari nintzela hartu nuen.
“Eskerrik asko, gure zerbitzua erabiltzeagatik. Hementxe duzu interneten bidez eskatutakoa. Gure zerbitzua hurrengoetan ere erabiliko duzulakoan eskertzen dizugu. Adeitasunez… eta abar eta abar”. Paketearen plastikoa urratu bezain fite konturatu nintzen barruan zerbait arraro edo bazegoela: lekedatutako ohartxoa.
Goizean goiz, inoiz ez bezala, altxatu bezain laster egutegiari hurbildu nintzaion: Abenduaren azken eguneko orria kentzeaz batera Berriaren lehenengoaren orriaren azpian zegoen gutuna zabaltzeko irrikan nengoen. Hagitz artegatuta. Hirurehun eta berrogeita bost egun igaro ditut honen esperoan. Egutegi higuingarri baten esklaboa.
Gutun-azalaren barruan ez zegoen batere. Bat ere ez.
Urte oso bat ergelarena egiten, gero ezertarako ere ez.
Handik bi egunetara ezezagun batek telefonoz deitu zidan esateko ea aurtengoa nahi nuen. Ezetz borobila erantzun nion. Izan ere, gizonezko ahots hark igorri eta igorri egingo zidala erantzun zidan, berak oparituko zidala. Ostegunerako berria banuen etxean, dohainik. Honek ere bazuen ohartxoa:
“Zoriontasunik barnean ez duzu egundo ere aurkituko, ezerezeko mezurik inoiz ez baitago, gutun-azala bera zoriontasuna baita. Urte oso batean, edo hobeto esanda, bizitza osoan so egiten , laztantzen eta txeratzen zoriontasuna , zoriontasuna zela jakin gabe”
Asteartean nire izenean itzelezko gutun-azala atera nuen postontzitik.
Ez dut zabaldu nahi, ez dut zabalduko. Ferekatu besterik ez.
Telefonoz deitu zidan gizon haren ahotsa berriro ere entzun dut Jorge Oteizaren museoan.
