Musua naiz, zeurea.
Musua naiz, zeurea.
Zu ezpainak, nireak.
Gorriak dira, bionak.
UDABERRIAN
Pinta iezaizkidazu ezpainak, mesedez, ezkontzeko aurreko gauean kandela koloredunen artean eskatu zion maitekiro.
Emaztegaiak edo ez zion tutik ere ulertu.
Pintatu? Zur eta lur ihardetsi zion. Zertarako nahi duzu nik zuri ezpainak pintatzea? Egoera usaintsua zakartuz, ez dizut ulertzen, burutik ondo dagoenak ez darama aldean hamaika pintzel inoren ezpainak pintatzeko, oraindik ere zakarrago.
Ihes egin zuten elkarrengandik. Hurrengo eguneko argizaririk ez.
Ez zaitu maite, orduan, ez zaitu maite izango, aitortu zion bere ispiluak.
UDAZKENEAN
Pintatu ezpainak, mesedez, zeru izardun magiko baten azpian erregutu zion betiko emakumea izango ei zenari. Ondoko mahai inguruan zegoen hautsontsia hartu eta erakusleaz beltz - ilunez margoztu zizkion ezpainak eta ezpainak ez zirenak. Horrela ez, horrela ez laztana, erantzun zion haserrerik gabe. Horrela ez. Biak ala biak desagertu egin ziren gau magiko hartan. Bata zein bestea.
Ez zaitu maite, orduan, ez zaitu maite izango, baieztatu zion bere buruak.
UDABERRIAN
Pintatuko dizkidazu ezpainak? Hor noraezean zebilen emakume aurkituari galdetu zion. Maleta-poltso ikaragarri batetik gorria baino gorriagoa zen pintalabiosa atera, bere ezpainak puztu , jarraian, izugarrizko musua jaurtitzeko.
Honek bai, honek maite zaitu; beraz , maiteko zaitu, harropuztu zion bere patuak.
NEGU GORRIAN
Pinuzko hil-kutxa barnizarua ixtear zegoela emakume arraro-liraina aldareraino gertaratu zen oso. Hildakoari ezaguna egiten zitzaion pintalabiosa maleta-poltsotik atera, ezpai mardul-gordinetatik laprastarazi eta hagitz zuria zen gorpu isilarengana makurtu zen . Eta maitasunezko musua laga zion. Eta ezpainak pintatu zizkion: desioz, gogoz, eta batez ere , gorriz, gorriz baino gorriagoz.

0 Comentarios:
Publicar un comentario
Suscribirse a Comentarios de la entrada [Atom]
<< Página Principal