ERRAZTATU
Hortzetako mina izaten dut,
zapata marroiei betun beltza
zabaltzen diedanean.
Hesteetakoa izaten da
komunaren hondakinak,
-kolore ilun barreiatuak-,
lixibatzen ditudan unean.
Burukoa da,
sukaldera sartzean,
olio tanta berdeskak, nonnahi
antzematen ditudanetan.
Bihotzekoa,
ohe azpian
erratza soilduaz pasatzean,
zure oroimen zotila
-hautsezko mataza
uher bihurturik-
zaborrontzira eramaten dudanetan.
Hagitz abandonatuta dut nere burua.
Hagitz abandonatuta dut nire etxea.
( Aitarena eta zurea ere izan zena)
Mina dut bihotzean, zioen poeta batek.
Hagitz abandonatuta ditut poetak.
Hala eta guztiz ere,
bihar ere,
gurea zen ohe azpian
eskobatu egingo dut,
erraztatu.
