2007a edo zelan jan zopa koilaraz
Gabon Zaharra. Gaueko hamarrak. Ezkaratza. Platerak. Koilararik ez. Ardo beltza.
Gabon Zaharra. Gaueko hamabiak. Mahaia. Edalontziak. Koilararik ez. Txakolin gorria.
Gabon Zaharra. Gaueko hamabiak eta bi. Egongela. Kopak. Koilararik ez. Patxarana.
Zilarrezko koilara hamabi eta bi aldiz jo nuen ezkilaren kontra
harik eta koilara mila zatitan hautsi arte,
harik eta ezkila urtu arte.
Hamabiak eta bi Bilbotar izan zitezkeen.
Hamabiak eta bi Norvegiar izan ahal izan ziren.
Egurrezko koilara hamabi aldiz eta bi eman nuen kanpaiaren kontra
harik eta langileen eskuak odoletan ukan arte,
harik eta geure zintzurra urratu arte.
Hamabiak eta bi Arabar,
Hamabiak eta bi Arabiar
ez ziren izan, baina.
Gabon Zaharreko arrain-zopa eskuz jan behar izan zuten askok,
hamabi eta bik ezik.
Lagun ezezagun horri…
Oso ona izateko, lehendabizi Ona izan behar
eta horraino ez dut uste heldu naizenik.
Ona izateko ere, lehenago Izatera iritsi beharko
eta oraindik urrun-urrunean nabil.
Hori bai,
hori bai ziurtatu ahal dizut:
estratarik ilunetan ere
bidaide ikaragarriak azaltzen zaizkit.
Nire lagunak:
maite nautenak.
Maite ditudanak :
nire lagunak.
Esker anitz
anitz esker.
koldolekunberri

1 Comentarios:
Epa Koldo!! Sorpresa!! Gaur goizean lotsa kendu dut behingoz. Ze ostias!eta idatzi egin dizut azkenean. Lehenengo hau orain dela ez asko irakurri nuen artikulua da, izugarri hunkitu ninduena: Tristuraren Kanta. Eta bigarrenari "Zeozertxu" titulua eman diot, ez baitakit horrek "poema" izendatzeko ohorea merezi duen...baina, tira, diotenez, arimaren sentipenak islatzeko beharra duen pertsona oro da poeta.
Esti
TRISTURAREN KANTA
Susmagarriak iruditu izan zaizkit beti inoiz triste ez dauden pertsonak; edo gezurra esaten diote euren buruari, edo gezurra esaten digute guri. Tristura da osagarri bat, poesiarekin batera, gizarte honetan baztertu eta satanizatu egin dena. Gutxietsi egiten ditugu tristeak eta poetak, gaitzen bat baleukate bezala.
Telebistetan, elkarrizketetan, gizartean jasotzen ditugun mezu guztiak tristuraren aurkakoak dira beti... Eta zenbateko eragina duten mezu horiek guregan! Tristura ikara handiz bizi duen gizarte batean gaude; sintomatikoa da. Dena da ondo pasatzea, disfrutatu hitza iragarki publizitario gehienetan errepikatzen den leloa da; eta, era berean, gero eta beldur handiagoa sentiarazten digute, gure etxeagatik, gure umeengatik, gure aurrezkiengatik. Badirudi ez dutela gu ezertaz ohartzerik nahi, eta ohartzen bagara ere ausardia kendu nahi digute honi buelta emateko.
Tristura diot, eta ez disgustuak, edo problemak. Horiek bizitzaren menuan beti datozen jakiak dira, eguneroko menuan egunero askotan. Tristura beste gauza bat da: gure barruarekin konektatzen gaituen bide bat da tristura, uhara distiratsu bat gauerdian, gure nortasunak bere-beretik zer duen ikusten laguntzen digun ispilu hauskorra. Zerk balio digun eta zerk ez oso garbi erakusten dizu tristurak une batean. Triste zaudenean gauza asko deskubritzen dira: benetakoak uste zenituen lagunen azalkeria ikusiko duzu agian, ilusionatu zintuen pertsona horrek ihes egiten duela zure ondotik, ustez betetzen zintuzten liburuek orain ez dizutela balio...
Tristura geure baitara bidaiatzea da, bizitzaren zentzua ulertzen saiatze sinple bat, gertatzen zaizkigun gauzen arrazoia aurkitzeko modua eskaintzen digun jakinduria. Bidean geldiune bat hartzea: begiratu zuhaitzen hostoak, begiratu zure alboko jendea. Nola bizi da? Zertan ari dira? Zertan ari naiz ni? Utzi agenda baten mende egoteari, baztertu egunero etengabe kontsumitu behar tristea, egon ezer egin gabe, egin ezertarako balio ez duen zerbait, margotu etxe aurreko mendia, margotzen ez badakizu ere...
Bere tristurarekin pozik egoten dakien pertsona benetan pertsona jakintsua iruditzen zait. Triste agertzeko ausardia behar da gizarte honetan, bizitza beste guztien aurkako karrera bat bihurtu dugulako, zein hobeto bizi, zeinek etxe handiagoa eduki eta nork urrunago bidaiatu. Tristura onartzea, ulertzea da bidaiarik luzeena, ederrena; inon ez dute horretarako txartelik saltzen.
ZEOZERTXU
I
Egunero, orduro,
minuturo, segunduro...
zutaz pentsatzen.
Gure besoek, hankek,
pentsamenduek (?)
elkar berriro noiz
ukituko zain.
Lurralde arrotz, baina,
era berean hain ezagun
honetako paisaietan zehar
gabiltzala, zure ezpainetatik
ateratako soinu, keinu,
hitz bakoitza begiradarekin
emeki laztanduz, idoroz, dastatuz,
desiratuz...
Kotxe baten atzekaldean
zaitut, laztana, amesten.
Kotxe baten atzekaldean
dizu, laztana, ene arimak kantatzen.
Kotxe baten atzekaldean, baina,
dut nire lotsa madarikatzen.
II
Eta beste egun luze bat
pasa da jaiki eta,
kafearen zapore mingotsa
dastatuaz batera,
zure usainak ene barneko
tximeletak heganarazi barik
iragana;
hotz jasanezin honen
hots hutsean oinutsik,
biluzik...
III
Eta orain,
nor naizen ere
inporta ez zaidala,
zu baino ez,
zelofanezko memento horietan
pentsatze hutsak galdu egiten nau,
amaierarik ez duen putzu sakon batean.
Ezinezko maitasunen putzuan,
itxaropen galduenean,
dezepzioarenean,
ahanzturarenean.
Batzuetan lotsa
kentzearen prezioa ordaindu
behar izaten delako,
garesti, gainera.
Merezi
ez zaituen norbaiten
besoetan ikustearekin.
"non puoi capire da solo que ste parole, ma, hai bisogno di qualqun altro che, per te, e o e stato importante... Grazie di esistere"
Publicar un comentario
Suscribirse a Comentarios de la entrada [Atom]
<< Página Principal